Estatistikaren historia

Estatistikaren historiak estatistikak egun duen ikuspegi anitza islatzen du, hasieran datu bilketarako jarduera izatetik, egun metodologia zientifikorako funtsezko tresna bilakatu arte, historian zehar matematika, probabilitate teoria eta beste arlo batzuekin uztartzeari esker.

Quipua, inken datu estatistikoen gordailu mota bat, quipucamayoc edo quipu-egile baten eskuetan.

Estatistika zientziaren metodologiarako tresna kuantitatibo bihurtu aurretik, datu bilketa huts moduan nabarmen garatu zen XVII. mendera arte. Ordura arte antzinatik egindako erroladak eta bestelako datu-zerrenden berri anitz dago. K.a. 2238. urtean Txinako Yao enperadoreak bertako errolda bat burutzeko agindua eman zuen. Antzinako Egipton ere ohikoak ziren populazioen zerrendak. Antzinako Erroman errolden metodologia sistematikoki garatu zen eta oso ezaguna da Oktavio Augustoren aginduz burutu zen erraolda, ut describeretur universus orbis (mundu osoa bertan ager dadin, euskaraz), Lukasen Ebanjelioak azaltzen duen bezala. [1] Erdi Aroan Karlomagnok ondasunen zerrenda bat egiteari ekin zion, 762. urtean[2] . Domesday Book delako datu bilketa zabala osatu zen 1086. urtean Ingalaterran helburu nagusia zerga bilketaren antolamendua zuela [3]. Beste herrialdeetan ere arruntak izan ziren datu bilketak Erdi Aroan zehar, erresuma eta estatuen suspertzeari esker. Inka zibilizazioan ere, quipu edo soka lokarriak erabili ziren datu estatistikoak, zorrak eta ekoizpenak esaterako, gordetzeko [4]. Erroldak eta bestelako datu bilketak ugaldu ziren Pizkundean zehar, merkataritzaren sendotzearekin batera[5]. Izan ere, antzinatik eta egun ere estatistika funtsezko tresna da estatuen administrazioan. XVII. mendera arte, ordea, datuak edo estatistikak zerrenda hutsak dira, kuantifikaziorik gabe, eta beraz azterketa estatistikoa ezinezkoa zen.

  1. (Gaztelaniaz) Estadistica, Historia de la Estadística, Enciclopedia Espasa. 22. bolumena. 429. orr.
  2. (Ingelesez) Howard W. Eves, A Very Brief History of Statistics, The College Mathematics Journal, 33. bol., 4. zbk., 2002ko iraila, 306-308 orr.
  3. (Ingelesez) Sally Harvey, Domesday Book[Betiko hautsitako esteka]. 2009-07-15.
  4. (Ingelesez) Paul J. Lewi: Incas and quipu, Speaking of graphics ebook-ean, Datascope webgunean. 2009-07-17.
  5. (Ingelesez) Anders Hald: A history of probability and statistics and their applications before 1750, 82. orr.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search